Euskal Herria
Intimista eta sosegatua, sakona, eta, era berean, lebitatzailea, Pause lan borobila da, gure inperfekzio emozionalak laztantzen eta arintzen dituena. Atmosferak sortzen dituzten diskoez ari garenean –soinu-banden kasuan gertatzen den bezala-, loa osagarriaren susmoa hartzen digu maiz eta amaitu gabe uzten gaitu: musika aditza da ala osagarri hutsa? Oso gutxitan, atmosfera atrezzotik urrundu eta erdigunea hartzen du: behe-hodeietako gogo-aldarte horiek gatibu eta gatibu egiten gaituzte, haien eragin-eremuan trabatuta.
Horixe da Xabier Zeberioren lan honen kasua; esnatze lanbrotsua, tristurarik gabeko malenkonia, aireportu hilkor batean etendako denbora. Egun berri bati aurre egiteko edo bertan behera geratzen den arratsaldeaz gogoeta egiteko behar den etenaldia dakarren musika. Trikimailurik gabeko dardara hutsa.