Cabecera Interior

 

  • Hondarribian, Irunen eta Hendaian sei kontzertu egin dira guztira.
  • Bidasoa Folk erreferentziazko ekitaldia da, publikoaren erantzunari esker bere lekua sendotzen duena

Abuztuaren 16an, 17an eta 18an ospatu da Hondarribian, Irunen eta Hendaian, hurrenez hurren, Bidasoa Folk Jaialdiaren XXIII. edizioa, hiru udalerri horien eskutik, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez.

Nuria Alzaga, Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, "urtebete gehiagoz, jaialdi honen arrakasta nabarmendu behar dugu, bai jendearen parte-hartzeari dagokionez, bai bertan parte hartu duten artisten kalitateari dagokionez". Guztira, 2.000 bat ikusle izan dira, jatorri ezberdinetako artisten musika aniztasunaz gozatu dutenak.

Jaialdia ostiralean hasi zen Hondarribiko Arma Plazan, Antia Muiño galiziar musikarekin, Nova Canción Galega-ren erabateko errebelazioarekin, eta Sünerekin kolaborazio batekin bertara hurbildutako jendea harritu zuena, galizieraz eta euskaraz abesti bat interpretatu baitzuten. Lehen kontzertu honen ondoren, Aragoiko Olga y los Ministriles taldearen txanda iritsi zen, zeinek Aragoiko geografia osoan zehar bidaia musikala egin zuen, Monegros eta Ribagorzako dantzetan jotzen diren boto-gaiten soinuetatik hasi eta Pirinioetako dantza erritmo alaien melodien interpretazioarekin bukatuz.

Larunbatean, jaialdia Irunera lekualdatu zen, eta Xabier Zeberio izan zen lehen protagonista, eta bere lan berria aurkeztu zuen: hutsuneak bizigarri bihurtu eta isiluneak hausnartzaile bihurtu zituen ikuskizun minimalista.

Erritmo aldaketa Gineako N’Faly Kouyaté taldearen eskutik iritsi zen, rocka, jazza edo munduko musika bezalako musika unibertsalak eta AfroBeat, AfroTrap, AfroRap, Ruth&Blues bezalako erritmo etnikoak uztartzen dituen fusio liluragarria. Ikusle askok dantza egin zuten.

"Une bateko euria izan arren, jendeak tinko eutsi zion eta kontzertuez gozatu ahal izan zutenn amaierara arte", azpimarratu du Alzagak.

Igandean, Hendaiako kontzertuekin amaitu zen jaialdia, Bakan eta Luar Na Lubre taldeen eskutik. Bakan taldeak euskal abestien jatorrietara bidaiatu zuen ikusleekin, eta errepertorio tradizionaleko abesti mitiko batzuk abestu zituzten. Luar Na Lubre taldeak, bere aldetik, aurtengo Bidasoa Folk Jaialdiari amaiera eman zion bere errepertorio zabala bilduta.

Estitxu Urtizbereak, Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeko kideak, adierazi duenez, "Bidasoa Folk Txingudiko badiako uda-agendaren parte da jada. Hiru hirietan bizi diren pertsona askorentzat ezinbesteko hitzordua da". Itziar Aizpuruak gaineratu nahi izan duenez, "jaialdiaren arrakasta urtero bertaratzen diren taldeen kalitatean eta jasotako eskaeren kopuruan ere islatzen da. Partzuergoaren aldetik, edizio bakoitza hobea izan dadin lanean jarraituko dugu".

IMG 4126-2

Bidasoa Folk-en espiritua

2001ean sortua, proiektu kultural honen jatorrizko ideia Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalekin lankidetzan folk musika jaialdi transfronterizo bat antolatzea zen.

Antolaketaren esparruan udal lankidetza honek ahalegin guztiak batzea ahalbidetu du kalitatezko folk musika jaialdi bat aurkezteko, kontzertu doakoen bidez, publiko askotarikoa erakartzeko: Bidasoko herritarrak eta bisitariak, gazte eta ez hain gazte, publiko zale eta jakin-minezkoa,...

“Jaialdi honek Bidasoa Txingudi Eskualdea interes kultural eta turistiko gisa garatzea ahalbidetzen du, eta aldi berean, hainbat herrialdetako musika eta tradizioak balioan jartzea. Gainera, jaialdi honek eskaintzen duen kultura eta musika aniztasunak Bidasoa-Txingudi lurraldearen beraren kultura-aniztasuna ere nabarmentzeko aukera ematen du.” Adierazi du Nuria Alzagak

Bidasoa Txingudi eskualdeko herritarrak elkartu eta elkar hobeto ezagutzea da Bidasoa Folk-en izatearen arrazoi nagusietako bat ere.