Cabecera Interior

Deskargatu pdf

Bidasoa ibaia eta bokalea

“Ibai izena duen herrialde bat”: horrela deskribatu zuen Pío Baroja idazle apartak Bidasoko urek bustitzen duten lurraldea. Bada, udako eguraldia ate joka dugun honetan, garai aproposa da ibaiaren protagonismoa gogora ekartzeko, denboraren joanarekin mugaz gaindiko lotunea bihurtu baita.

BIDASOA IBAIAREN TRAZATU EDERRA

Bidasoa ibaia Aztate mendian sortzen da, Pirinioetan, eta, Oronoz-Mugairi ingururaino, Baztan esaten zaio. Badira “Bidasoa” izenaren interpretazio ugari, eta, horietako baten arabera, “bide” eta “Oiasso” hitzen arteko konbinazioa da; alegia, “Oiassoko bidea” esan nahi du, antzina erromatarren artean “Oiasso” baitzuen izena lurralde honek. Bada, bide horretan, haran eder-eder eta bikainak zeharkatzen ditu ibaiak, Nafarroa eta Gipuzkoako mendien artetik.

BOKALEA, TXINGUDIKO BADIA

Ibaiak bokalerantz egiten duen bidearen azken tartea Endarlatsako zubian hasten da, Irun eta Biriatu artean. Gero, estuario handi batean zabaltzen da ibaia, Txingudiko badian, eta, han, azkenean, Irun, Hondarribi eta Hendaiako itsasertzak bustitzen ditu. Hain zuzen ere, multzo horretatik datorkio izena Frantzia eta Espainia arteko Atlantiko aldeko lurraldeari, baita Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoa izendatu zen lankidetza entitatearen jokalekuari.

rio-bidasoa-desembocadura

 

Uharte enblematikoak eta itsasertzeko pasealekua

Endarlatsako zubitik Higer lurmuturreraino, Bidasoko ur gezek Pirinioetako mendien artetik bukatzen dute bidea, muga lerroari jarraikiz, Irun eta Biriatu, Urruña eta Hendaia arteko nazioarteko zubien azpitik.

HISTORIA ETA EDERTASUN NABARMENEKO UHARTE ETA HAITZEN ARTETIK

Bidasoa ibaiaren ibilbideko uharterik ezagunenetako bat Konpantzia uhartea da: bertan sinatu zuten Pirinioetako bake tratatua Frantziako eta Espainiako erresumek, zeina 1659ko azaroaren 7an Luis XIV.aren eta Maria Teresa infantaren arteko ezkontzak berretsi zuen. Era berean, Bidasoa ibaian badira Osinbiribil uharteak eta Txingudiko padurak, baita Txorien Uhartea eta Haitz Bikiak: edertasunagatik ez ezik, bertako fauna eta floraren aberastasunagatik eta interes ornitologikoagatik nabarmentzen dira; hau da, hegazti ozeanikoek habia egiteko eta hegazti migratzaileek atseden hartzeko lekua izateagatik.

KANTAURI ITSASOKO UREKIN NAHASI ARTE

Jalkinekin ibaia betetzen duten uharteak elikatu ondoren badator bukaera, sekulakoa bera: Aiako Harriko granito partikulez eratutako harea xeheko hondartzak, Hendaia eta Hondarribia artean. Hondarribia, bainu hiri historikoa bera, XX. mendearen hasieratik bilakatu zen ospetsu, eta bertan bada berriki eraberritutako itsas pasealeku bat, aisia emateko gune eta jatetxe modernoez betea, bertakoen eta bisitarien gozagarri.

islas-emblematicas-paseo-maritimo

  

Ametsetako ingurune ibaitarra

Bidasoa ibaiak eta bokaleak okupatzen duten lurralderako garrantzi historiko eta soziokulturalagatik, betidanik, lehentasuna izan da ingurune urtar honen eta beronen inguru naturalaren balioa nabarmentzeko moduak bilatzea, eta, horrela, interes handiko ibilbide eta jardueren sare bat osatzen joan da.

DESKUBRITZERA BULTZATZEN DUTEN BIDEZIDORRAK

2002tik, Irun, Hondarribi eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoaren bidez, Badiako Bidea izeneko bide sarea sustatzen dihardute, zeinak ibaiak Behobiatik Higer lurmuturreraino eta Haitz Bikietaraino egiten duen trazatuari segitzen dion. Bertan, hainbat informazio seinale jarri ziren, ingurune natural, kultural eta historikoa deskubritzera bultzatzeko. Ibaian gora, Bidasoko bide berdetik Beraraino jarraitzen du Bideak, eta, itsasertzetik, Talaia bidetik Lezoraino eta beste aldetik Urruñaraino.

ASKOTARIKO JARDUERA NAUTIKOAK

Udan, hiru hiriek, lurraldeko zenbait entitaterekin batera, hainbat jarduera antolatzen dituzte, erabateko protagonistak Bidasoko eta Atlantikoko urak direla: bela, kanoa kirola, piraguismoa, surfa, paddle surfa... Izan ere, ibaia eta bokalea ezin aproposagoak dira familia osoa dibertitzeko. Jarduerei buruzko informazio guztia Hendaiako eta Hondarribi eta Irungo turismo bulegoen informazio bulegoetan ematen dute, urtero mugaz gaindiko lurraldea sustatzen laguntzen baitute.

 entorno-fluvial-de-ensueno

 

+ INFO => www.bidasoaturismo.com - www.hendaye-tourisme.fr – www.irunhondarribiahendaye.com

AGENDA => www.irun.org - www.hondarribia.eus – www.hendaye.fr