Zalantzarik ez dago mugak markatzen dituela Txingudi eskualdearen historia eta bertako jendearen kontzientzia kolektiboa.
Fisikoki desagertu da muga hori, baina markatu egin du eskualde honen balio eta erakargarri bilakatzeko.
Bidasoa ibaia izan da ia beti Frantzia eta Espainiaren artean banalerroa ezarri duena. Argi definituriko muga politiko batek sortzen dituen mugek sekula eta beti izan dute eragina Irun, Hondarribia eta Hendaia arteko harremanetan.
1841. urtea baino lehenago, urte horretan eraman baitziren hirugarrenez eta betiko aduana espainiarrak Estatuko mugetara, Hondarribiaren mende zegoen Irun eta Hendaian, berriz, baserri gutxi batzuk baino ez zeuden.
Aduana iristeak aldaketak eragin zituen, Irunek benetako abialdia hasi zuen ekonomia mailan eta probintziako bigarren hiri garrantzitsuen bilakatu zen oso denbora txikian.
Historian zehar ugari izan dira Txingudiko muga-aduanaren inguruan beren aztarna utzi duten gertakizunak. 1914an Lehen Mundu Gerra hasi zen eta berehala itxi ziren mugak. Gertakizun horrek eragin nabarmena izan zuen Irungo bizitzako alderdi guztietan, eta muga igaro ahal izan zuten baimen berezia lortu zuten pertsonek. Oinarrizko baliabide bilakatu zen kontrabandoa familia asko eta askok beren bizibidea ateratzeko, elikagaien hornidura eta Frantziako armamentu lantegietara zihoazen langile espainiar eta portugaldarren isilpeko igarotzea nabarmenena.
Espainiako Gerra Zibilaren garaian ere iltzez eta giltzez itxi ziren mugak eta Bigarren Mundu Gerra osoan luzatu zen egoera. Gerrak amaitu ziren baina mugak itxita jarraitu zuen. Francoren erregimen politikoaren aurkako presio gisa, Espainiak blokeo ekonomikoa jasan zuen nazioarte mailan, eta kanpotik ezin izan zen inolako produkturik ekarri.
Isolaturik eta administrazio mailan nahiz auzo gisa inolako harremanik izan gabe urte asko eman ondoren, egun batean, bat batean, ireki egin zen muga. Egun batetik bestera auzokoak elkarrekin harremanak izaten hasi ziren ia ezer gertatu izan ez balitz bezala.
Urteetan zehar elkarri bizkar emanda bizi izan diren hiru hiri hauek aisi eta jolaserako eremuak partekatzen dituzte orain, eta auzoen artean inolako harremanik izan gabe hamarkadak eman ondoren, azkenean berrezarri da elkarreragin soziala. Udal politikek mankomunitate politikari egin diote bide orain eta berdintasunean oinarrituta banatzen dira zerbitzu publikoak. Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta partzuergo hori osatzen duten kideen koordinazio lanari eta lankidetzari esker, proiektu anbiziotsuak sortzen dira badiako eragile ekonomikoen zerbitzurako eta bertako hiritarren ongizatea bultzatzeko.
Hiru hirien arteko elkartasun horren beste erakusgarri bat: Badiako Bidea, 2004. urtean hasitako proiektua, ondare, historia eta ingurumen aldetik interes handiena duten lekuetan barrena doan ibilbidea da. Azken batean, ibilbide paregabea leku ikusgarrienetan barrena, oinez, patinetan edo txirringaz egiteko, Bidasoa-Txingudiren ikuspegi ederra eskainiz.