Cabecera Interior
  • Azaroaren 29an, Bidasoako Mintzodromoaren edizio berria izan zen Itsas Etxean, Hondarribian.

  • Hiru udalerrietako 80 bat lagun elkartu ziren, adin guztietakoak.

Foto Mintzo

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, antolatu zuten Mintzodromoa. Bertan, hiru udalerrietako 80 pertsona inguru bildu ziren, parte hartzeko gogotsu.

Besteak beste, Hondarribiko alkate eta Bidasoa Txingudi Partzuergoaren lehendakari Igor Enparan, Hendaiako ordezkari Itziar Aizpuru, eta Partzuergoaren Euskararen Batzordeko burua den Garoa Lekuona ere bertan izan ziren.

Parte-hartzaileek Inko Manterola (Hendaiako kultur eragilea), Peio Irigoien (Burrunba taldeko kidea) eta Ainara Elizondoren bideoak ikusi zituzten hasieran, eta guztiek eskerrak eman zizkieten bertaratuei, euskaraz ikasten eta erabiltzen jarraitzera animatuz.

Bi ordu inguruz, parte-hartzaileek euskaraz hitz egiteko eta eskualdeko gai interesgarrietan sakontzeko aukera izan zuten.

Dinamika honen helburua euskaraz aritzeko eta erlazioak sortzeko gune bat eskaintzea da, modu lasai eta atseginean.

4-6 laguneko talde txikiak osatzen dira, eta 15 minuturo mahaia, gaia eta solaskideak aldatzen dituzte, elkarrizketa berriak hasteko.

Ekitaldiaren amaieran, 13:00etan, parte-hartzaileek mokadutxo bat hartu eta euskaraz hitz egiten jarraitzeko aukera izan zuten.