1964. urtean Gipuzkoako Monumentu Historiko-Artistiko izendatu zuten.
Arbelaitz Jauregiak, Eliza kalean dagoen oinetxeak, Arbelaitz familiarena izateari eta bertan ostatu hartu zuten pertsonaia arranditsuei zor die ospea (Frantziako Endrike II.a, Katalina Medici, Karlos IV.a, Katalina Braganzakoa, Espainiako Felipe V.a, Frantziako Karlos X.a eta beste batzuk).
1936ko Gerra Zibilean zeharo erre ondoren, berritu egin zuten. Egungo eraikinak oin laukizuzena du eta guztia silarriz egina da.
Aurreko aldea barrokoa da eta molde dorikoko bi zutabek egiten diote sarrera ateari. Zutabeok, taulamendu baten bidez, triglifo eta metopazko frisoari eusten diote eta goiko partean armarria inguratzen duen frontoi eten bat ageri da.
Soto handian dagoen harri batean idatzirik azaltzen dira jauregi honetan ostatu hartu zuten pertsonaien izenak.