Irla Hondarribikoa zen garai batean baina, egun, Irun eta Hendaiako hirien artean banatua dago; honenbestez, Irun urtean sei hilabetez arduratzen da irla zaintzeaz, eta Hendaia beste sei hilabetez.
Egun 2.000 metro karratuko azalera du eta bere horretan mantentzen da lurra babesteko egin ziren lanei esker.
Urteetan zehar izen ugari erabili izan da irla hau izendatzeko: frantsesek, "Ile d'hópital" esaten diote; antza denez izen frantsesaren itzulpen kaskarra egin bide zutelako, "Isla de los Faisanes" deritzo gaztelaniaz. Euskaraz oraindik bada "Konpantzia" esaten diona, dirudienez, XVII. mendean bertan egin ziren elkarrizketa edo konferentzien ondorioz sortutako izena.
Irla honetan eta historian zehar jazotako gertakari gogoangarrien artean, Pirinioetako Bake Hitzarmena bertan sinatu izana da garrantzitsuena. Bakearen izenpetzea, Luis de Haro jaunaren eta Mazarino Kardinalaren artean 24. elkarrizketa egin ondoren etorri zen, 1659. urtean; Hitzarmena Frantziako Luis XIV.a eta Espainiako Maria Teresa Infantaren arteko ezkontzarekin izenpetu zuten. Irlaren erdian Monolito bat eraiki zuten eta bertan gertakari hauek azaltzen dira idatziz. Bestalde, bahituak edo/eta gatibuak elkarri trukatzeko, ezkongai zeuden infanteak ezkontzeko eta beste kontu batzuetarako erabili izan zuten irla hau.