Irundarrek San Martzial mendi gisa ezagutzen duten mendi honen izen ofiziala Aldabe mendia da (224,8 metroko altuera).
XVI. Mendean Aldabe Mendia izena zuen eta orduantxe erabaki zuen Beltrán de la Cueva, Gipuzkoako kapitan jeneralak bertan ermita bat eraikitzea, 1522ko ekainaren 30eko guduan frantsesen aurka lortutako garaipena oroitzeko. Lehen asmoa fraideen monasterio bat eraikitzea zen, baina herritarrek ermita bat nahi zuten San Martzialen ohoretan, egun handi hartako santua, hain zuzen ere, eta orduz geroztik mendiari eman zitzaion izena ere.
Aurreneko ermita tximistak eragindako sutearen ondorioz suntsitu zen, 1796. urtean; 1804an berritu zuten eta santuaren irudi berria ezarri zuten. Kanpoko aldean eta hormari itsatsita oroigarri txiki bat dago eta honen barnean, 1899. urtean mendira iristen den errepidea eraiki zutenen izenak biltzen dituen koadernoa gordetzen da.
Era berean, bi lauza zabalez eraturiko pinakulu batean San Martzialeko guduaren oroigarria aurkezten da. Sarri askotan berritu eta gero, dorrea eraiki zuten 1910. urtean. 1936ko Gerra Zibilak kalte larriak eragin zizkion berriro ere eraikin honi.
Ermitaren bazterrean talaia bat dago eta bertatik hiria, Txingudiko badia, Hondarribia, Bidasoa ibaia, Jaizkibel eta abarren ikuspegi zoragarria dago. Euskal gastronomia dastatzeko aukera eskaintzen du ermitaren albo batean dagoen jatetxeak. Bazen mendi horren izena zuen baserri bat ere (Aldabe baserria), XIX. mendeko landetxe aberastasun nabarmena zuena.